Proportzio handiko komentu multzo hau egoitzak, iparraldeko baratzeak, klaustroak eta elizak osatzen dute. Komentua 1691n sortu zuen Ignacio Munibe eta Axpe Zenarruzako kolegiatako abadeak, Peñafloridako kondeen semeak.
Eliza, ezaugarri barrokoekin eraikia, 1724an inauguratu zen. Arkitektoa nor izan zen ez da ezagutzen, baina eraikuntza frai Marcos karmeldarrari egozten zaio. 1808an komentua kendu egin zuten, eta Frantziako tropen kuartel bihurtu zen. Era berean, 1839an, exklaustrazioa zela eta, erlijiosoak kanporatuak izan ziren 1869ra arte.
Fatxada hareharrizkoa da, harlanduzkoa, eta hiru atal ditu: bat erdian eta bi alboetan. Erdikoak, alboetakoak baino garaiagoa, Karmengo Amaren eskultura duen horma-hobi bat hartzen du, eta ordenaren armarria duen frontoi triangeluar batez errematatua dago. Alboetako gorputzak, baxuagoak eta estuagoak, kanpai-hormez errematatuta daude.
Elizaren barrualdeak gurutze latindarreko oinplanoa, abside zuzena eta hiru habearte ditu. Alboko bi habearteak, Karmeloko elizak bezala, prozesio-klaustro gisa antolatuta daude. Kupulatxoen bidez estaltzen da; erdiko habeartea eta transeptuaren besoak, berriz, lunetoen bidez; eta gurutzadura, kupularen bidez.
Aldare nagusia barrokoa da eta Karmengo Ama Birjina du buru; eskuinean Alexandriako San Zirilo dago, eta, ezkerrean, San Elias. Kristo Gurutzean erretaulak errematatzen du, eskuinean San Angelo eta ezkerrean San Juan de la Cruz dituela. Alboetako aldareak ere barrokoak dira, eta San Joseri (ebanjelioa) eta Santa Teresari (epistola) eskainiak daude. Aldare honen ondoan San Joaquini eta Santa Anari eskainitako beste bat dago.
Alboko nabe bakoitzak lau aldare ditu. Eskuinekoak, Jesusen Bihotzari, San Migeli, Lisieuxeko Santa Teresari eta Kalbarioari edo Kristoren Gurutziltzatzeari eskainiak daude. Ezkerrekoak, berriz, San Joan Gurutzekoarentzat, San Antonio Paduakoarentzat eta purgatorioko Animentzat dira.
Gaur egun, komentu honetako gelen zati bat Donejakue Bideko erromesentzako aterpetxea da.
Iturria: “Bizkaiko hiribilduetan zehar / Un paseo por las villas de Bizkaia. Markina-Xemein (9) BFA/DFB”