Erdi Aroko plangintza du, luzetarako hiru kale eta horiek bateratzen dituen kantoiarekin — Guenkalea, Erdikokalea eta Kaleokerra —, eta zeharkako kale batekin — Zeharkalea — egituratuta. Hiribildua harresiz inguratuta zegoen, eta hiru ate zituen: Oruetakoa, Iruretakoa eta Suso edo Goikoa.
Harresia zen hiribildua eta elizatea bereizten zituen elementua: lehena, hiri-izaerakoa, populazio bilduarekin; bigarrena, berriz, landa-izaerakoa, populazio sakabanatuarekin. Harresi hori desagertuz joan zen presio demografikoagatik, eta, beraz, hiribildua hazten joan zen bere muturreko auzoen norabidean (errebalak). Ate bakoitzean errebal bat sortuko zen: Abesuakoa Iruretako atean; Artibaikoa Oruetakoan; eta Goikoa (Suso), gaur egun Karmengo Kalea, izen bereko atean hasten zena.
Hiribildua osatzen duten orubeek aldaketak izan dituzte neurrietan eta barne-banaketan, eta, beraz, eraikin gehienek Erdi Aroko irudia galdu dute. Hala ere, hiribilduak oso ondo kontserbatzen du kaleen trazadura, garai modernoan eta garaikidean egindako aldaketak gorabehera.
Hirigune historikoa kultura-ondasun izendatu zen 1996an, monumentu-multzo kategoriarekin, eta haren babes-araubidea ezarri zen. 2000. urtean, halaber, Donejakue Bidea monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun izendatu zen, eta bertan Markina-Xemeingo hirigune historikoa sartu zen. Gogora dezagun Donejakue Bidearen kostaldeko ibilbidea Mendaroraino (Gipuzkoa) igotzen dela, eta Markinan sartzen dela Arnoate gainetik. Arnoate jaitsiz, bidea Lea- Artibai eskualdean sartzen da Markinatik, eta Artibai ibaiaren ertzari jarraituz, Ziortza-Bolibarrera iristen dira erromesak.
Iturria: “Bizkaiko hiribilduetan zehar / Un paseo por las villas de Bizkaia. Markina-Xemein (9) BFA/DFB”