Done Jakue bidearen ondoan dago, Artibai eta Urko ibaiek bat egiten duten lekuan. Ermitatik gertu Xemeingo elizateko udaletxe zaharra dago, 22. zenbakian, eta baita probalekua ere, bere arraste-harriekin.
Etimologikoki Arretxinagak “harriak dauden edo botata dauden lekua” esan nahi du. Arri, harria; Etxi, etzanda daudenak; eta –aga atzizki lokatiboa, lekua adieraztekoa. Interpretazio honek ermitak gordetzen duen fenomeno geologikoa deskribatuko luke. Adierazpen geologiko honek -mineralogian prozesu hidrotermala izenez ezagutzen da eta duela 40 milioi urte inguru gertatu zen- San Migel goiaingerua hartzen du. Santuak, herensuge edo beste animalia fantastiko baten forma hartuta bere oinetan duen deabruaren aurka bultzatzen du lantza. Oinplano zentralizatua du, hexagono formakoa, eta dinteldun sarrera bakarra du. Kanpai-horma batez errematatuta dago.
Ermita honen jatorria Goi Erdi Aroan garatu zen korronte espiritualarekin lotuta dago. Behe Erdi Aroan, 1355ean Markinako hiribildua sortu zenean, Xemeingo eliza abandonatuta geratu omen zen, bertako eliztarrek beste erlijio-gune bat erabiltzen zutelako, beharbada Arretxinagako barrutia. 1451n, Xemeingo elizateak Markinako hiribilduarekin izan zuen jurisdikzioari buruzko auzi batean, ermitaren existentzia aipatzen da. Era berean, 1541ean, ermitaren fundazioa antzinakoa zela eta ermitauak izan zituela adierazten zen, eta garai hartan freilak (ordena militarreko erlijiosoak) zituen ermita zaintzeko. 1626ko abuztuaren 17an, handikiro sagaratzen da San Migelen aldarea, Arretxinagako santutegiak Apuliako (Italia) Gargano mendikoarekin antz handia zuelakoan, eta, gainera, hau ere San Migel goiaingeruaren izenpean zegoelako. 1631n ez zegoen ermitaurik, ezta freilarik ere, baina hauen aterpe zen etxea han zegoen oraindik.
1734an Xemeingo elizateak ermita berreraikitzea erabaki zuen, hondamendia arriskuan zegoelako. P.B. Villarreal de Berrizek (1669-1740) proiektua aurkeztu zuen, baina beste diseinu bat aukeratu zen, eta ermita 1741ean inauguratu zen. 1893an erreteila orokor bat egin zitzaion. 1894an, Pedro Jose de Astarloa arkitektoak kontserbazio eta konponketa lanen gutxi gorabeherako aurrekontua aurkeztu zuen; hala ere, lehentasuna eman zitzaion irudien zaharberritzeari. Irudiak eta aldareak —batzuk egon ziren— 1895ean Ramon de Ubera herriko bizilagun batek margotu zituen, fabrikako batzarrak ezarritako baldintzei jarraituz.
Irailaren 29an, santuaren egunean, gaueko 12etan, herriko Zerutxu Dantza Taldeak Mahai Ganekoa dantzatzen du. Arretxinagako multzoaren egungo egoera Markina-Xemeingo Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako birmoldaketa-obrei zor zaie.
Iturria: “Bizkaiko hiribilduetan zehar / Un paseo por las villas de Bizkaia. Markina-Xemein (9) BFA/DFB”