Iruretako Portalea
Harresiaren hegoaldeko atari zaharraren ondoan (Iruretako portala deitua) Arkupe etxea dago; 1854ko eraikina da, neoklasikoa, eta fatxada arkupeduna du. Zelaiari begira dago, hiribilduaren antzinako aisialdirako tokiarekiko estimua erakutsiz.
Harizti zaharra, elementu garrantzitsua Markinako hiri-trazaduran, herriko elkargunea eta pasealekua da.
XVII. mendeko eraikuntza barrokoa (1610), bere fatxadan Urberuagan, BI-633 errepidearen ondoan zegoen izen bereko dorrearen armarria erakusten du. Armarria obalatuak zitori-hori itxurako gurutze bat du, zerrenda bat draganteen ahoan, zuhaitza animalia bat zeharka duela, eta, Ubillatarren leloari jarraituz, Paz más vale inskripzioa.
Xemeingo Santa Maria ondoko San Agustin komentuan 1547 urteaz geroztik zegoen klausura gabeko komunitatea Abesuako errebaleko egungo komentura aldatu zen 1653an. Eliza XVIII. mendekoa da (1793). Kareharrizko fatxada, oro har, xumea da, nahiz eta sarrera barrokoa nabarmentzekoa den. Honen gainean, hutsik dagoen hareharrizko kartela bat dago, Ordenaren armarria jartzeko prestatua beharbada. Bi gorputzeko kanpai-horma batez errematatuta dago. Barrualdeak gurutze latindar forma du eta Merzedeko Ama Birjinaren, San Pedro Nolascoren, Sokorroko Andre Mariaren, San Ramon Nonatoren eta San Blasen irudiak gordetzen ditu. Komentu barrokoaren gainean, adreiluzko hiru solairu eraiki zituen José Luis López de Uralde arkitekto arabarrak XX. mendean. Sarreraren gainean, frontoi zatitu baten barruan, Merzedeko ordenaren armarria dago: bi haurren irudiek koroa bati eusten diote, eta, honen azpian, Merzedeko armak, gurutze bat eta Aragoiko etxeko lau barrak daude. Era berean, fatxadak Ordenaren beste armarri bat erakusten du, baina modernoagoa da.
1917an, Merzedeko Ikastetxeak bere ibilbideari ekin zion, Merzedeko mojek martxan jarrita. Ikasle talde txiki batekin hasi ziren, helburu argi batekin: emakumeak bere burua prestatzeko eta bere aukerak zabaltzeko leku bat izatea. 1945ean, Merzedekoa eta Berrizko Kongregaziokoak elkartu ziren gaur egun jarraitzen duen kongregazioa martxan jartzeko: MMB edo Berrizko Monjas Misionarias. 1961ean, eraikin nagusian handitze-lanak egin ziren barnetegia martxan jartzeko eta hezkuntza-eskaintza zabaltzeko: Nekazaritza eta Administrazio Batxilergoa ematen hasi zen. Garai hartan, Elkargoak Vera-Cruz Ikastetxea izena hartu zuen. Demokrazia garaian, eskolak euskaraz emateko aukera zabaldu zenean, Elkargoak euskal kulturarekin betidanik izan zuen konpromisoa zabaldu zuen. 1985ean, Vera-Cruz Ikastetxea eta Zerutxu Ikastola integratu ziren, eta Berakruz Ikastola izena hartu zuten, gaur egun ezagutzen dugun bezala.
Iturria: “Bizkaiko hiribilduetan zehar / Un paseo por las villas de Bizkaia. Markina-Xemein (9) BFA/DFB”
Jarraitu irakurtzen