QR kodea
QR-14

Xemeingo Kanposantua

Xemeingo Santa Maria elizaren ondoan kanposantua dago. Ezaugarri neoklasikoekin eraikia eta Ilustrazioaren ideia berritzaileei jarraituz, herriko kanpoaldean eraiki zen, higiene- eta osasun-neurriak hartuz. Gaur egun hilerri dagoen lekuan hilobiak zeuden XIX. mendearen hasieran. Hala ere, gaur egun ezagutzen dugun hilerria XIX. erdialdekoa da. Mariano Lascurain arkitektoak diseinatu zuen eta Jose Sodupe eta Pedro Jose Loyolak eraiki zuten. 1849an lurrak erosi ziren eta 1850-1851 urteetan eraikuntzari ekin zitzaion. Angeluzuzen forma du, zutabedun galeria batekin. Burualdean kapera bat du, Kristo erromanista batekin. Sarrera nagusiak hilerriaren banalerroa bi zati berdinetan trazatzen du. Halaber, hilerrira elizatik eta udal aparkalekutik sar daiteke. Hasiera batean, arkupedun espazioa izango zen lurperatze tokia, eta beranduago erabili zen estali gabeko eremua. Bertan, Jose Maria de Munibe Peñafloridako XI. kondearen mausoleoa nabarmentzen da. Sarrera nagusian, Munibeko mausoleoan eta kaperaren aurreko atarian ikus ditzakegu adierazpen neoklasikoak. Bertan, elementu neogrekoak (frontoi triangeluarra, zutabeak eta akroterak angeluetan) eta neoegiptoarrak (egiptoar tenpluen atariak gogorarazten dituzten formak, pilonoak) ikus daitezke. Halaber, zutabe galeriak erromatar etxebizitza eredua gogorarazten du. Euskadiko Monumentu Nazional izendatua dago.

Iturria: “Bizkaiko hiribilduetan zehar / Un paseo por las villas de Bizkaia. Markina-Xemein (9) BFA/DFB”

Xemein Hiribidea, 23
48270 Markina-Xemein

Irudiak (21)
Jarraitu bisita: Hurrengo monumentoak
QR-15
Arretxinagako San Migel Ermita
Done Jakue bidearen ondoan dago, Artibai eta Urko ibaiek bat egiten duten lekuan. Ermitatik gertu Xemeingo elizateko udaletxe zaharra dago, 22. zenbakian, eta baita probalekua ere, bere arraste-harriekin. Etimologikoki Arretxinagak “harriak dauden edo botata dauden lekua” esan nahi du. Arri, harria; Etxi, etzanda daudenak; eta –aga atzizki lokatiboa, lekua adieraztekoa. Interpretazio honek ermitak gordetzen duen fenomeno geologikoa deskribatuko luke. Adierazpen geologiko honek -mineralogian prozesu hidrotermala izenez ezagutzen da eta duela 40 milioi urte inguru gertatu zen- San Migel goiaingerua hartzen du. Santuak, herensuge edo beste animalia fantastiko baten forma hartuta bere oinetan duen deabruaren aurka bultzatzen du lantza. Oinplano zentralizatua du, hexagono formakoa, eta dinteldun sarrera bakarra du. Kanpai-horma batez errematatuta dago. Ermita honen jatorria Goi Erdi Aroan garatu zen korronte espiritualarekin lotuta dago. Behe Erdi Aroan, 1355ean Markinako hiribildua sortu zenean, Xemeingo eliza abandonatuta geratu omen zen, bertako eliztarrek beste erlijio-gune bat erabiltzen zutelako, beharbada Arretxinagako barrutia. 1451n, Xemeingo elizateak Markinako hiribilduarekin izan zuen jurisdikzioari buruzko auzi batean, ermitaren existentzia aipatzen da. Era berean, 1541ean, ermitaren fundazioa antzinakoa zela eta ermitauak izan zituela adierazten zen, eta garai hartan freilak (ordena militarreko erlijiosoak) zituen ermita zaintzeko. 1626ko abuztuaren 17an, handikiro sagaratzen da San Migelen aldarea, Arretxinagako santutegiak Apuliako (Italia) Gargano mendikoarekin antz handia zuelakoan, eta, gainera, hau ere San Migel goiaingeruaren izenpean zegoelako. 1631n ez zegoen ermitaurik, ezta freilarik ere, baina hauen aterpe zen etxea han zegoen oraindik. 1734an Xemeingo elizateak ermita berreraikitzea erabaki zuen, hondamendia arriskuan zegoelako. P.B. Villarreal de Berrizek (1669-1740) proiektua aurkeztu zuen, baina beste diseinu bat aukeratu zen, eta ermita 1741ean inauguratu zen. 1893an erreteila orokor bat egin zitzaion. 1894an, Pedro Jose de Astarloa arkitektoak kontserbazio eta konponketa lanen gutxi gorabeherako aurrekontua aurkeztu zuen; hala ere, lehentasuna eman zitzaion irudien zaharberritzeari. Irudiak eta aldareak —batzuk egon ziren— 1895ean Ramon de Ubera herriko bizilagun batek margotu zituen, fabrikako batzarrak ezarritako baldintzei jarraituz. Irailaren 29an, santuaren egunean, gaueko 12etan, herriko Zerutxu Dantza Taldeak Mahai Ganekoa dantzatzen du. Arretxinagako multzoaren egungo egoera Markina-Xemeingo Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako birmoldaketa-obrei zor zaie. Iturria: “Bizkaiko hiribilduetan zehar / Un paseo por las villas de Bizkaia. Markina-Xemein (9) BFA/DFB”
Jarraitu irakurtzen
QR-16
Barroeta Dorrea eta Ermita
XVI. eta XVIII. mendeetan aldatutako Erdi Aroko dorrea, zalantzarik gabe, Markinako merindadeko garrantzitsuenetako bat izan zen. Bere defentsarako gaitasuna ahaztu gabe, aldi berean, familiaren egoitza eta bizitetxe izan zen; bertatik, burdinola, errota, zubia, ermita, nekazaritza zelaiak eta belardiak kontrolatuko zituzten, horietatik etekin ekonomiko eta soziala ateratzen zutelarik. Bolumen kubikoa eta lau isurkiko estalkia ditu, irudia zorroztu dioten eranskinak gorabehera, kanoi-zuloak, leiho bikiak eta ojiba-arkuzko bi sarrerak mantentzen ditu. Bere arerio zen Ugarteko leinuak bezala, arma patioa izan zuen. Dorreari lotuta daude, besteak beste: San Joakin eta Santa Ana baseliza, estilo barrokokoa. Harlanduzko fatxada, bi zutabe toskanarren gainean dagoen arkupe txikia eta santuen mihiseak ditu; Olazarreko burdinola, Artibai ibaitik hurbil eta Oxillain baserriaren ondoan dagoena. Egitura ondo finkatuta duen burdinolak zenbait gela mantentzen ditu, baina, aitzitik, ez du elementu mekanikorik gordetzen; Eta, azkenik, Oxillaingo errota, 1983ko uholdeek eraman zutena. Instalazio horietatik gertu, futbol-zelaiko aparkalekutik ikusteko moduan, Oxillaingo presa dago. Bi arkuko presa da, P. B. Villareal de Berrizek (1669-1740) diseinatutakoa. Pertsonaia aurre-ilustratua izateaz gain, arku-presen eraikuntzan aitzindaria ere bazen. Presatik Torrezar ikusiko dugu (Atxondoa auzoa). Harkaitz baten gainean altxatzen da eta, bere izenak dioen bezala, herriko zaharrenetako bat da. Jatorrizko dorrea antzeko dimentsioak dituen beste bolumen bat gehituta aldatu da. Iturria: “Bizkaiko hiribilduetan zehar / Un paseo por las villas de Bizkaia. Markina-Xemein (9) BFA/DFB”
Jarraitu irakurtzen
QR-17
Kartzeletxea
Udal kartzela izandakoa, gaur egun Eskualdeko Nekazaritza Bulegoaren egoitza dena. Estilo historizista — neogotikoa — du, kareharrizko harlanduekin, eta Bizkaiko armarriak koroatzen du: zuhaitz bat eta honen enborra zeharkatzen duten bi otso, ertzetan bost lehoi zutik, eta armarriari eusten lehoia. Iturria: “Bizkaiko hiribilduetan zehar / Un paseo por las villas de Bizkaia. Markina-Xemein (9) BFA/DFB”
Jarraitu irakurtzen