Urko ibilbidea | Markina-Xemeindik Etxebarrriara joan etorria
Urko bidea, Markina-Xemein eta Etxebarria udalerriak batzen dituen bidegorri bat da. Ibilbide honetan oinezkoek dute lehentasuna, baina baimenduta dago patinete, monopatin edota patinekin ibiltzea, beti ere, 5km/h gehienezko abiaduran. Bizikletak eta edozein motatako motordun ibilgailuak debekatuta daude.
Urko ibaiaren ondotik igarotzen den bide hau Markina-Xemeingo eta Etxebarriko herritar askok erabiltzen dute paseatzeko eta korrika egiteko.
Markina-Xemein, hasiera
Markina-Xemeingo erdigunetik abiatuko gara Urko ibilbidera. Hain zuzen ere, Iruretako Portaletik edo Zelaigunetik.
Hemen eraikin interesgarriak aurkituko ditugu, besteak beste:
Arkupea, Zelaia, Ubilla etxea, Merzedeko eliza eta komentua, eta Berakruz ikastola.
Zelaiaren behekaldea
Markina-Xemeingo erdigunean kokatutako zelaiaren behekaldetik abiatuko gara. Umeentzako jolasgunea pasatuko dugu eta aurrerantz jarraituko dugu. Zelaiaren goikaldean Bidarte dorreko parkea bisitatu daiteke. Erabilera publikoko parkea hau Murga jauregiaren basoa da. Zehazki, zelaigunearen bukaeran kokatzen da Murga jauregia edo Bidarte dorrea bezala ezaguna den eraikina. Murga jauregia Erdi Aroko dorre bat ezkutatzen duen jauregi barrokoa da. Lehen solairuraino harlanduzkoa da, eta bigarren solairuan rokoko estiloko pinturak daude.
Urko ibilbidearen hasiera
Urko ibilbidearen hasiera Munibe jauregiaren harresiaren tarte baten kokatzen da. Bertan hiru informazio panel aurkituko ditugu:
1.- Urko oinezkoen bidearen erabilerari buruzko oharrak
2.- Memoria lekuak: Urteetako isiltasunari, izen-abizenak eta lekuak jartzeko beharrak bultzatuta, Etxebarriko Ahaztuen Oroimena elkarteak martxan jarritako egitasmo da. Gerra Zibilak hil zituen etxebarritarrak gogora ekartzeko panel ezberdinak aurkituko ditugu ibilbidean zehar. Lehenengoa, ibilbidearen hasiera honetan, Benito Agapito Bereziartuarena, hain zuzuen.
3.- Munibe jauregiari buruzko informazio-panela.
Ansotegi dorrea eta errota
Ansotegi burdinola Lea-Artibai osoan hobekien kontserbatuta dagoen kokaguneetako bat da. Ansotegi dorrea, jabeen familiaren egoitza izan zena, burdinolaren eraikina (egun landa-hotela bihurtuta), azpiegitura hidraulikoa, errota eta zubiak osatzen dute kokagune historiko hau. Erdi Aroko burdinola hau XIX. mendearen hasieran itxi zena. Errota txikia 50eko hamarkadara arte mantendu zen aktibo.
Animaliak eta memoria lekuak
Puntu honetan, ezkerrean kokatutako baserriko landan dauden animaliak pertsonengana hurbiltzen dira. Ibiltariek eramaten duten azenarioren bat edo beste jaten dute sarri.
Ibilbidea gorantz hasten den puntuan Ahaztuen Oroimena elkartearen Memoria Lekuak egitasmoko beste informazio panel bat aurkituko dugu, Juan Jose Idoeta Solozabala-eri buruzkoa.
Bidegurutzea, Etxebarria
Ibilbidearen puntu honetan, buelta eman eta egindako bide beretik bueltatu gaitezke edo, ezkerretarantz joan gaitezke, Etxebarrirantz, bide gorria jarraituz eta bidea apur bat luzatuz.
Bidegurutze honetan, eskuinerantz jarraituz gero, Markina-Xemeingo Barinaga auzora joan daiteke.
Puntu honetan ibilbideari buruzko eta puntu interesgarrien inguruko bi informazio-panel aurkitu daitezke.