Xemeingo Santa Maria elizaren ondoan kanposantua dago. Ezaugarri neoklasikoekin eraikia eta Ilustrazioaren ideia berritzaileei jarraituz, herriko kanpoaldean eraiki zen, higiene- eta osasun-neurriak hartuz. Gaur egun hilerri dagoen lekuan hilobiak zeuden XIX. mendearen hasieran. Hala ere, gaur egun ezagutzen dugun hilerria XIX. erdialdekoa da. Mariano Lascurain arkitektoak diseinatu zuen eta Jose Sodupe eta Pedro Jose Loyolak eraiki zuten. 1849an lurrak erosi ziren eta 1850-1851 urteetan eraikuntzari ekin zitzaion. Angeluzuzen forma du, zutabedun galeria batekin. Burualdean kapera bat du, Kristo erromanista batekin. Sarrera nagusiak hilerriaren banalerroa bi zati berdinetan trazatzen du. Halaber, hilerrira elizatik eta udal aparkalekutik sar daiteke. Hasiera batean, arkupedun espazioa izango zen lurperatze tokia, eta beranduago erabili zen estali gabeko eremua. Bertan, Jose Maria de Munibe Peñafloridako XI. kondearen mausoleoa nabarmentzen da. Sarrera nagusian, Munibeko mausoleoan eta kaperaren aurreko atarian ikus ditzakegu adierazpen neoklasikoak. Bertan, elementu neogrekoak (frontoi triangeluarra, zutabeak eta akroterak angeluetan) eta neoegiptoarrak (egiptoar tenpluen atariak gogorarazten dituzten formak, pilonoak) ikus daitezke. Halaber, zutabe galeriak erromatar etxebizitza eredua gogorarazten du. Euskadiko Monumentu Nazional izendatua dago.
Iturria: “Bizkaiko hiribilduetan zehar / Un paseo por las villas de Bizkaia. Markina-Xemein (9) BFA/DFB”