Markina-Xemeingo udalerria herri bik osatzen dute: Markinako hiribildua eta Xemeingo elizatea. 1969. urtean Ziortzako elizatea erantsi zitzaien, Bolibar herriagaz batera, 2005eko urtarrilaren 1ean desanexionatu direnak Markina-Xemeingandik.
Udalerriari buruz ditugun testigantza antzinakoenak Paleolito eta Eneolito-Brontze garaikoak dira. Aro hauen ondoren, berriz, ixiltasuna, Iturretako erlijiogune txikia sortu arte X. mendean.
XIV. mendean (1355. urtean) Bizkaiko Jaun Don Tello, Kastillako Alfonso XI.aren semeak, Villaviciosa de Marquina hiribildua sortu zuen. Marquina/Markina izenaren jatorria erdarazko marka hitzetik omen dator, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko muga-mugan baitago egon ere Markina. Hiribildu berria merinaldeko biztanleek eskatuta sortu ei zen, Gipuzkoako familia ahaltsuengandik defenditzeko eta bandokideen arma-erasoaldien beldur ziren baserri-zaldunak babesteko.
Hiribildua sortu ondoren ez zen istilu eta iskanbilarik falta izan ondoko Xemein eta Etxebarriako elizateekin, eskumeneko arrazoiak zirela kausa, XVII. mendean amaitu zirenak.
XVIII. mendean herritarrak matxinatu egin ziren zerealaren prezioa jeisteko eskatzeko. Mende horretan bertan herria antolatuta egon zen etengabe, Konbentzioko Gerra zela-eta.
Napoleonen inbasioak eta karlistadek betiko markatuko zuten XIX. mendeko historia, borrokan ziharduten gudarosteek erdi-erdian harrapatu zutelako Markina. Eta gerraleku ez izanagatik herriak antolatuta egon behar izan zuen eta tropen hornidurak eragindako gastuei aurre egin. Halaber, hiribildua etengabeko bonbardaketen lekuko bihurtu zen 1937an, gerra zibil betean.