MARKINA-XEMEINGO HISTORIA

Hiribilduaren sorrera, elizateekin istiluak, familia ahaltsuak, bonbardaketak... historia aparta dauka kontatzeko Markina-Xemeinek.
HISTORIA

Markina-Xemeingo udalerria herri bik osatzen dute: Markinako hiribildua eta Xemeingo elizatea. 1969. urtean Ziortzako elizatea erantsi zitzaien, Bolibar herriagaz batera, 2005eko urtarrilaren 1ean desanexionatu direnak Markina-Xemeingandik.

Udalerriari buruz ditugun testigantza antzinakoenak Paleolito eta Eneolito-Brontze garaikoak dira. Aro hauen ondoren, berriz, ixiltasuna, Iturretako erlijiogune txikia sortu arte X. mendean.

XIV. mendean (1355. urtean) Bizkaiko Jaun Don Tello, Kastillako Alfonso XI.aren semeak, Villaviciosa de Marquina hiribildua sortu zuen. Marquina/Markina izenaren jatorria erdarazko marka hitzetik omen dator, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko muga-mugan baitago egon ere Markina. Hiribildu berria merinaldeko biztanleek eskatuta sortu ei zen, Gipuzkoako familia ahaltsuengandik defenditzeko eta bandokideen arma-erasoaldien beldur ziren baserri-zaldunak babesteko.

Hiribildua sortu ondoren ez zen istilu eta iskanbilarik falta izan ondoko Xemein eta Etxebarriako elizateekin, eskumeneko arrazoiak zirela kausa, XVII. mendean amaitu zirenak.

XVIII. mendean herritarrak matxinatu egin ziren zerealaren prezioa jeisteko eskatzeko. Mende horretan bertan herria antolatuta egon zen etengabe, Konbentzioko Gerra zela-eta.

Napoleonen inbasioak eta karlistadek betiko markatuko zuten XIX. mendeko historia, borrokan ziharduten gudarosteek erdi-erdian harrapatu zutelako Markina. Eta gerraleku ez izanagatik herriak antolatuta egon behar izan zuen eta tropen hornidurak eragindako gastuei aurre egin. Halaber, hiribildua etengabeko bonbardaketen lekuko bihurtu zen 1937an, gerra zibil betean.

Markina-Xemein armarria
ARMARRIA

Markina-Xemeingo armarria hauxe da, gaur egun: ezkerreko aldean Markinakoa, hau da: otso bi ibilian, eta euron gainean gurutze bat. Eskuma aldean, berriz, Xemeingoa: zuhaitz bat, otso bi gurutzatuta dituela enborrean, hiribilduagaz bat egin zenean berorren armarriarekin bat eginda gelditu zena. Ertzean hauxe dute irakurgai: “M.N. y M.L. Villa Markina-Xemein”.

AUZOETATIK ZEHAR

MEABE: Hormetxe baserria. XVI mendeko baserri interesgarria. Beste puntu interesgarri batzuk: Aldekoa baserria eta San Kosme eta San Damianen ermita.

ERDOTZA: Erdotzako Andra Mariaren ermita. Mugartegi historialariak XVI.ekoa dela dio. Beste etxe interesgarri bat: Kareaga-Dorre.

BARROETA: Markinaldeko Merindadeko dorretxerik garrantzitsuenetarikoa dugu. Beste puntu interesgarri batzuk: San Joakin eta Santa Ana ermita, Olazarko burdinola eta Barruetako errota eta presa.

ATXONDOA: Torrezar. Harkaitz biziaren gainean badago oraindik jatorrizko dorrearen aztarnarik. Beste leku interesgarri batzuk: San Jazintoko ermita, Axpeko leizea eta Intxauspe, Ibarrazpi, Errekalde, Ibaseta eta Arizmendi baserriak eta andabidea.

GOIERRI (Santutxu): Arrate eta Saratzu-Zabala baserriak eta Santutxuko ermita.

URBERUAGA: Ubillako dorretxea. XVI. mendean eraiki zen aparteko eraikina da, gaur egun zehatz hondatuta dagoena, berriki berregin den fatxada nagusia izan ezik. Bertan, azpimarratzekoa da sarrerako erdi-puntuko arku dobelatua. Interesgarria da, halaber, Urberuagako Balnearioa ere, gaur egun erabat hondatuta dagoena.

PLAZAKOLA: Urrizeta, Urrixate edo Urrijate jauregia. Fatxada nagusian Ybarra, Beitia eta Urrijatetarren armarria ageri da, kasko, lumaje eta “lanbrekinekin”. Beste leku interesgarri batzuk: Plazatorre, Santo Domingo de Guzman edo Santa Rosa ermita, eta Torretxu baserria.

AMALLOA: San Juan ermita. Azpimarratzekoa da barruan dagoen Piedadearen erliebea. Beaugrantarren tailerrekoa bide dena, erromanista eskolakoa. Ikusteko moduko beste baserri bat: Arantzabal baserria.

LARRUSKAIN: Egurrola dorrea. Aldaketak jasan dituen arren gelditzen zaizkio oraindik lehengo atea eta bao zorrotz batzuk. Dorretxearen aurrean errota bat dago, makineria osorik duena oraindino. Errotaren ondoan dolare baten aztarnak gelditzen dira. Beste eraikin interesgarri bat: San Inazio eliza.

BARINAGA: Santa Marina ermita, “Santamañe” izenez ezagutzen da herrian. XVI. mendeko laugarren edo bosgarren hamarkadakoa da, sarrerako arkutik eta korutik hauteman daitekeenez. Azpimarratzekoa da, baita, hiru pisuko kanpandorrea. Dorre hau Domingo Gandiaga arotzak eraikitakoa da 1.639an. Aipatzea merezi dute baita: San Pedro eliza, Urrosolo errota eta Ibarguengo garaia (Etxebarriako udal barrutian, azken biok).

ITURRETA: San Kristobal ermita. Garai batean nekropolisa zegoen ondoan. Interesgarriak baita: San Martin ermita eta Lasarte eta Jauregi baserriak.

IRUZUBIETA: San Lorenzo ermita. Iturriza historialariaren esanetan, ermita hau Parrokia izan omen zen aintzina. Beste leku interesgarri batzuk: Iruzubietako Andra Mari Zuria, San Bizente eta Pertokiseko (San Emeterio eta San Zeledonio) ermitak; Altza Azpiko eta Elorrixa baserriak eta Bolintxuko errota.