MX-1 ibilbidea: Markina-Xemein
Artibai Mendigoizale Taldeak eta Markina-Xemeingo udalak sortutako ibilbide hau, bidezor zaharrak berreskuratzeko helburuz jaio da. Ume txikiek oinez egiteko aproposa da, ez dauka zailtasunik. Asfaltozko bideak eta landa-bideak osatzen dute ibilbidea.
HASIERA
Goikoportaleko Iturri* ondotik eta Karmengo elizatik** gorantz abiatuz, Osasun etxera iritsi baino lehen, ezkerretara dagoen kaletik gora hasten da ibilbiea. Eskuineko horman dauden marka berde eta zuriak izango dira ibilbide honen norabide-ikurrak.
*Goikoportaleko iturria: 1787an eraikia, Ilustrazioaren ideiei jarraiki. Zutabearen azpian lau obalo ditu, hiribilduaren armarriarekin eta bizkaierazko testuekin. Testuok Juan Antonio Mogelenak dira.
**Karmengo eliza eta komentua: Komentua 1691koa da. Elizak, 1724an eraikia, barroko karmeldarraren ezaugarriak ditu. Hareharridun aurrealdea, hiru nabe eta gurutze latindardun zorua ditu, eta barruko aldean erretaulen apaindura aberatsa nabarmentzen da.
Bidarte dorreko parkea
Ibilbide hasiera honetan, ezkerretara begiratuta, Bidarte dorreko parkea ikusi daiteke. Erabilera publikoko parkea hau Murga jauregiaren* basoa da. Bi gune desberdinetan banatzen da eremua: parkea (ibilbidearen eremua) eta baso eremua. Azken honetan aurkitu daitekeen zuhaizti handia, haritz eta pagoz josia, eremu ekologiko moduan kontsideratuta dago.
*Bidarte dorrea. Murga jauregia
Murga jauregia Erdi Aroko dorre bat ezkutatzen duen jauregi barrokoa da. Lehen solairuraino harlanduzkoa da, eta bigarren solairuan rokoko estiloko pinturak daude. Zubidun etxartetik lorategi ondotik joan daiteke eta zubipe batetik Murgako basora sartu.
Sagastiguren batzarlekua
Aldapa bukaeran, ezkerrerantz dagoen bidetxotik gorantz joanda, Sagastiguren batzarlekua bisitatu daiteke.
Murgatarren leinuetxearen gaineko muinoan, Iparragirreko egungo ur-biltegiaren ondoan, Markinako merindadeko batzar nagusiak biltzen ziren, Sagastiguren zuhaitzaren ondoan. Merindadea Xemein, Etxebarria eta Markinako elizateak osatzen zuten. Zuhaitz hau joan den mendearen hasieran hil zen. Hala ere, 2005ean, Markinako Villaviciosa sortu zeneko 650. urteurrena zela-eta, Markina-Xemeingo Udalak ekitaldi bat antolatu zuen eta harrizko mahaiak eta bankuak jarri zituen, batzar zaharraren omenez.