Xemeingo Jasokundeko Andre Mariaren tenplua X. mendean sortu zen, kristautasunaren hedapenaren eta monasterio txikien sorreraren mendean. Markinako hiribildua sortu zen arte (1355), monasterio honen patroiak Barroeta eta Ugarte etxeak izan ziren, biak Xemeingoak. Familia hauek, elizan, eserleku nagusiak betetzen zituzten, eta hamarrenen zati bat ere kobratzen zuten. XIV. mendean (1355), Markinako hiribildua sortu zenean, bere hiri-gutunean edo sorrera-gutunean esaten zen Xemeingango monasterioa bai Markinako hiribilduarena, bai Xemeingo elizatearena, biena, izango zela. Hiribildua patronatuan sartzearekin batera hasi ziren eztabaidak, Barroeta eta Ugarteko etxeek osorik haientzat eskatzen zuten-eta. Liskar hauek, jada aipatu dugun Elizabarriko San Pedro eliza eraikitzera behartu zuten. Patronatuari buruzko gatazkak gerora hasi ziren. XVII. mendean, patronatuaren erdia Markinako hiribilduak gozatzen zuen, eta beste erdia Ugarte eta Barroetako etxeek, geroago Peñafloridako etxera pasako ziren patronatuak hain zuzen ere.
Xemeingo elizaren fabrika XVI. mendean egin zen eta bertan Martin Albisua, Rodrigo Albiz, Miguel Elorriaga, Juan Emasabel eta Pedro Andrino zurginak parte hartu zuten. XVII. mendean eraiki ziren tenpluaren osagarriak: korua, sakristia eta dorrea. Koruan dago organoa (1910), Amezua etxeak egina. Koruaren azpian Jesusen Bihotzaren eta Arrosarioko Ama Birjinaren irudiak daude. Xemeingo elizan, halaber, Mugartegi eta Peñaflorida familien harrizko hilobiak daude, baita Aiarako Gaytanen kapera ere, Pilareko Ama Birjina eta familiaren ikurra burdin hesian dituela.
Sakristia zaharra aldare nagusiaren atzean egon zen, baina XVII. mendean, espazio eta hezetasun arazoak zirela medio, gaur egun ezagutzen dugun sakristia eraikitzen hasi ziren. Gaspar Balzola, Martin Ibarluzea eta Lucas Longa maisuek egin zuten. Dorreari dagokionez, Juan de Urizar Zabala 1625ean hasi zen eraikitzen; hala ere, bere proiektua gustuko ez zuenez, Urizarrek berak egin zuen Juan de Aguirrek aurkeztutako diseinua. Bi gorputzekoa da, hareharrizkoa, kapitel batez eta gurutze batez errematatua.
Euskadiko Monumentu Nazional izendatua, saloi-elizaren edo, hallenkirche (hala deitzen diote Alemanian) elizaren ereduari dagokio: oinplano laukizuzena du, hiru habeartekoa eta sei kareharrizko zutabez banatuta; kanpoko aldeko hormak kareharrizko harlanduzkoak dira, eta barrualdea luzituta dago; ganga gurutze izartuzkoa da, okerdurekin. Bi sarrera ditu: bata, zirkuluerdiko arku dobelatua mendebaldeko fatxadan, eta sarrera nagusia, arku bikoitzekoa, hegoaldean, aurretik atari txiki bat duela. Altzariei dagokienez, erretaula nagusia nabarmentzen da, estilo errenazentistakoa. XVI. mendearen lehen erdian egin zen eta banku batean, lau solairutan, hiru kaletan eta lau kaleartetan egituratuta dago. Egiterakoan, badirudi zenbait egilek esku hartu behar izan zutela.